Arkitektura euskaraz, arkitektura euskalduna?

Hamar urte baino gehiago euskara eskolan modu ofizial batetan sartu zenetik. Momentu hartatik, normalizazio prozesuak abiadura ezberdinak izan ditu, azkarrago, motelago. Hizkuntza pentsamenduaren giltza omen da, eta nonbait arkitektura euskaraz pentsatzeko tresnak ez dira hain berriak, eta ez daude, inolaz ere, osoturik. Arkitektura euskaldun bati buruz hitzegitea zilegi al da?

Artikuluari hasiera emateko helbide elektroniko bat aipatu nahi dut, gaurko gaiaren gakoa nonbait, bertan datza eta: www.ehu.es/ arkitekturahiztegia. Testua parentesiekin hastea ariketa estilistiko kaxkarra bada ere, barkamena eta pazientzia eskatu behar dizuet, dena bere garaian argituko dugulako.

Arkitektook kodeak erabiltzen ditugu. Gauzak adierazteko hizkuntza berezi bat, alegia. Hizkuntza hori idatzizkoa bada ere, batzuek marrazki deitzen diote. Kode hitzaren definizioaren arabera, bi alde egon behar dira, emailea eta hartzailea, kode horren berri izango dutenak. Modu horretan bakarrik gauzatu daiteke komunikazioa. Osterantzean, haria eten egingo da eta esfortzuak debalde izango dira.

Donostiako Arkitektura Eskolan, euskarak gutxinaka bere tokia aurkitu du. Prozesua guk nahiko genukeena baino motelago doa, orain dela sei bat urteko ikasleen greba entzutetsu hartan adierazi zen legez. Gaur egun, irakasgaien programa ia guztiz euskaratuta badago ere, agerian gelditzen da egiturak duen ahulezia. Hastapenetan gaudela ematen du, eta horiek ez dira inoiz garai errazak izaten.

Baina urteak pasa dira eta hezkuntza -nekez baina ia bere osotasunean- euskaraz jaso zuten arkitektoen lehendabiziko belaunaldia kalean da jada, gure artean loratzen diren etxeak eta paisaiak moldatzen. Arkitektura euskalduna baino, euskarazko arkitektura bati buruz hitzegitea zilegi al da, ordea?

Arkitektoon izaera, egun, hautsez beteriko obretatik kanpo irudikatzen badugu ere, bereizketa hori erdi arotik pizkunderako tarte horretan sortu zen. Pizkundeko arkitekto garrantzitsuenek -Brunelleschi, Alberti, Bramante, Michelangelo, Serlio- jaso zuten hezkuntza arkitektonikoa ez zen erdi aroan zuen zentzu berean ulertzekoa.

Obra eta estudioaren arteko aldea une hartatik handitu besterik ez da egin eta gaur egungo proiektista askok ez dute beren diseinuen bururapena fisikoki ikusi ere egingo. Guzti honek tarteko komunikabide baten beharra azalarazten du, hau da, lehen esan dugun bezala, bion arteko zubi bat.

Kode aldaketa horrek proiektuari erantsitako eta ezinbestekoa den memoria teknikoan aurkitzen du bere areriorik sutsuena; azken finean, planoak planoak dira eta, hitzez harago gelditzen den berba bat erabiltzen da.

Hala ere, edozein proiektu aurkeztu behar duen aurrekontu bat azaltzean, euskararen presentzia ia desagertu egiten da.

Donostiako eskola egoera hau aldatzeko edo, behintzat, euskaldun profesionaleei tresna erabilgarri bat emateko ahaleginean hasi zen aspaldi. Jose Luis Ugarte arkitekto eta irakasleak, orain dela ia hamar urte, gaztelera-euskara hiztegi batean eraikuntzaren eta arkitekturaren inguruko hainbat hitz bildu zituen.

Lan horren ondarea hamar urte geroago, eta informatikako teknika berrien eskutik etorri da. Arkitektura eskolako zenbait irakasle euskaldun ek wiki-hiztegi bat argitaratu dute interneten. Zer den ez dakienarentzat, laburbilduz, wiki bat «bukatu» gabe dagoen orri bat da, eta erabiltzaile baimenduek (kasu honetan, lan taldean diharduten irakasleak) nahi dutenean eta modu azkarrean alda dezakete.

Hiztegi bat egiteko modu aproposa da, nere ustez, hizkuntza hain izaki mugikorra izanik. Helbidea goian duzue; argi gelditu ez bada, berriro errepikatuko dut: www.ehu.es /arkitekturahiztegia.

Tamalez, saiakera hau esparru akademikoan gelditzeko arriskua oso erreala da. Bai Euskarari agentziak daukan katalogoan, «arkitektura eta ingeniari» lelopean 4 enpresa bakarrik topako ditugu. Ziur naiz beste hainbat estudiotan ere, euskarak presentzia baduela, maila batean edo bestean, baina lan munduaren errealitatearen islada bat bezala hartu daiteke. «Lan eta arreta euskaraz» zigilua eskuratu duen enpresa batekin egon ginen berbetan; Gaizka Larrañagak Azpeitian kokatzen den Landatek bulego teknikoko arduradunetariko bat da, Asier Arregirekin batera. Arkitekto azkoitiarrak kontatu zigunaren arabera, «bezeroak ahalbideratzen badu, proiektuaren fase guztiak euskaraz egiteko aukera dago». Gaizka Donostiako eskola zaharrean ikasitakoa da eta hezkuntza guztia gazteleraz jaso zuen, baina euskal talde baten hastapenak ikusi zituen, eta hamarkada bat geroago eskolatik euskal titulo batekin ateratzen direnen ikasketa maila ez du zalantzan jartzen: «Ondo prestatuta ateratzen dira».

Landatek estudioak behin baino gehiagotan itzuli egin behar izan ditu euskarazko testuak; adibidez, obrara eraman behar diren planoen xehetasunak behar diren moduan uler daitezen. Zentzu horretan, wikiztegia bezalako ekimenak oso ahulak dira; izan ere, eraikuntzaren munduan, teknizismoak ahalik eta gutxien erabili behar dira eta, beharginekin ari zarenean, hiztegia ez da arkitektoena, langileena baizik.

Nahiz eta euskarak bete beharreko esparrua oso mugatuta egon, egon badago. Hala, hizkuntzak pentsakera moldeatzen badu, aurki euskeraz pentsatutako arkitekturarekin topo egingo dugu. Espero dezagun, ezkortasuna alboratuz, zenbait gauza aldatuz joango direla; eta, behingo batean, arkitekto baten eskutik idatzitako araudi bat irakurriko dugula, gazteleratik hartuta, itzultzaile batek egindako lanaren ordez.

Ibai Gandiaga Perez de Albeniz 

jatorriz gaur8.info aldizkarian argitaratutako artikulua. © 2007 Gara egunkaria

artikuluaren esteka hemen

3 pensamientos en “Arkitektura euskaraz, arkitektura euskalduna?

  1. agian artikuloaren egileak komentarioak egitea ez da zuzenena, baina gauza pare bat erantsi nahi nituen…

    alde batetik, euskara hizkuntza dela, eta ondorioz, bizia. Zurikeriek ez diote inoiz mesederik egiten. Baina erdarakadek ezta ere, eta hauek euskaldun zahar eta berrien ahoetan topatzen dira.

    nere esperientzia, euskaldun berri baten bizipena da; gipuzkoara heldu nintzenean jabetu nintzen bazela munduan euskara egunero eta esparru askotarako erabiltzen zuen jendea, Goenkaleko pertsonaietaz aparte. Ni, pertsonalki, ez nengoen ohituta, eta euskara arlo akademikoan bakarrik erabiltzen nuen. Hau da; no tenía ni puta idea. Hizkuntzarekiko segurtasun ezak eta hainbat istorio pertsonal medio, gaztelera taldera pasa nintzen, hirugarren urtetik bostgarrenera.

    eskolan hiru urte euskaraz ikasi eta gero, neretzat gazteleraz emandako klaseak poesia ziren. Orain dela hamar urtetako eskolan, hasierako kurtsoen euskara maila negargarria zen (neretzat lotsagarria baldin bazen, ez dut pentsatu nahi azpeitiar bati zer irudituko zitzaion. Agian ulertu ere etzun egingo, nork daki).

    urteak pasa, eta neke askorekin, euskaldun zaharrekin komunikatzeko gai izan nintzen (batzuen laguntza ordainezinarekin, besteen errespetu ezarekin ere. Denetarik dago). Karrera amaierako proiektuaren analisiarekin, euskarazko hiztegia berritzeko asmoa hartu nuen. Oraindik ikasten nago, euskara neretzat arrotz den hizkuntza bat da, eta tamalez bizi naizen tokian euskara ume eta txakurrentzat bakarrik erabiltzen da.

    berritzeko eta hizkuntza indartzeko asmo hori denona izan behar da. Euskaldun zaharren kasuan, ariketa sinple bat proposatzen dizuet, eskolan ari zaretenontzat; konparatu gazteleraz egiten diren proiektuaren azalpenak, hizkuntza erregistroa, maila, eta gero ikusi zuen irakasle euskaldunekin daukazuen berbakera. Ez duzue alderik nabaritzen?

    askotan hizkuntza mailaren erakusgarri bakarra hiztegia da, eta tamalez arkitektura arloan oraindik ere ez daukagu hiztegi trinko bat. Baina konturatu zaitezte; ZUEK egingo duzue hiztegi hori, eta ez beste inor. Hiztegi hori eskolan erabiltzen ez bada, ez du etorkizunik, lan munduari bost axola bait dio. Mundu horretan gauzek ez daukate naziorik, dirua da errege bakarra, eta diru horrek gaztelera, alemaniera, frantsesa edo euskara hitzegin behar badu, ba hitzegingo du ta kitto.

    ondo segi!

Los comentarios están cerrados.