Arkitektura kognitalgoa

Agian erabiltzearen poderioz, «proletalgo» hitza agortu egin da. Nekatu. Eman ez zen iraultza baten lekuko, agian inoiz izan ez zen klase sozial baten erreferentzia lausoa bihurtu da. 90.eko hamarkadan ordea, benetazko iraultza bat gertatu zen, teknologia digitala lekuko. Gure munduaren ikuspegia guztiz aldatu zen, eta baita dirua eta «kapitala» ulertzeko modua. Ekoizpena ez-materiala bihurtzen hasi zen. Prozesu kognitiboek hartu zuten garrantzia. Ondorioz, «proletalgotik», «kognitalgora» pasa ginen. SGAE eta espainiar gobernuek antza denez ekoizpenaren aldaketen berri ez dute izan, kanonaren inguruko lege berriak aditzera ematen duen arabera. Arkitekto guztiok, kognitalgoaren parte izanik, horren ardura hartu beharko genuke.

Gauza txikiez eta ez-materialez jardungo dugu gaur. Ikustezinak diren gauzez. Arrazoiak beti dira ikusteko zailak. Ikusteko errazak direnak ondorioak izaten dira. Urtarriletik aurrera guztiok zerga berri bat ordaindu beharko dugu. Kanon berri bat. Jakinaren gainean egongo zarete, ziur. Hurrengo urtean, eskuratzen dugun CD bakoitzeko 17 xentimo gehiago ordaindu beharko ditugu. Arrazoia, copyright-aren boterea, eta (zenbaiten arabera) kulturaren babes sakratua. Ondorioa eta efektuak, 19 milioi euro, CD-R motako salmentetan bakarrik. Dirutza ikaragarria, alajaina. Arkitektura mundua kognitalgoaren parte da, hots, ezagutza edo ekoizpen ez-materialaren `proletalgoa’ izendatzeko terminoa. XIX. mendean ekoizpen materialaren arduraduna proletalgoa bazen, XX. eta XXI. mendeko ekoizpena kognosis-aren bidez ematen da, eta ondorioz kognitalgo batez hitz egitea zilegi da. Aurreko mendeetako garapenaren ikurrak zubiak eta burdinezko eraikuntza erraldoiak baldin baziren, gure gaurkotasunean heroia mikrochipa dugu. Gauza txikietara ailegatzen gara. Arkitekto kognitalgoek arkatza eta papera aspaldi utzi zituzten, ordenagailuaren spline eta marra infinituak besarkatzeko. Tamaina erdiko estudio normaltxo batek, egunero disko trinkoa backupatzen du (neologismoa baimenduko didazue?); hau da, segurtasun kopia ateratzen du. Disko trinko bat ezabatuz gero, estudio batek diru asko gal dezake, eta bere etorkizuneko ekoizpena larriki moteldu.

Agian kanonaren kontua aitzakitzat hartu nahi nuen paradigma aldaketa honi buruz hitz egiteko. Beste neologismo bat, copypasteatu. Arkitektura munduko azken esamesa Norman Foster eta Rem Koolhas egile ospetsuen estudioetatik dator. Antza denez, Arabiar Emirerri Batuetan, garai bateko faraoien obrak gailendu nahian dabiltzan Emirren zerbitzuetara egiten dute lan bi arkitektoek zuzentzen dituzten estudioek. Gaur egun, punta-puntako arkitektura Arabia eta Txina artean dago. Beno, bada esamesaren mamia hirigintza proiektu bitan dago; Koolhasen esanetan, Fosterrek Abu Dhabi hirian aurkeztutako Zero Carbon City proposamen batek, ondoko Ras Al Khaimah hirian gauzatu behar duen beste karbono dioxido gabeko hiri baten antza izugarria omen du. Beno, gure Koolhas maiteak «plagiorik» ez dela egon esan du, baina berea «lehenago iritsi» zela azpimarratu du. Hirigintzari buruz minimo bat dakien edonork bi proposamenen plantak ikusiz gero duela bi mila urteko erromatarren kardo eta dekumano kutsu susmagarri bat antzemango zuen. Norbaitek egile eskubideez hitz egin beharko balu, erromatar ingeniarien oinordekoak lirateke horiek. Erromatarrek kolonia heleniarretatik jasotako teknika urbanistikoa da hau ordea.

Non jarri mugak? Ideien originaltasuna historian zehar oso urria dela frogatu da. Kardoak eta dekumanoak, adibidez, ez dirudite beste munduko ezer; ipar-hego orientazio batekin lurralde jakin bat (normalean kanpamendu militarra) zeharkatzen duen ardatz bat, ekialde-mendebalde ardatz batekin moztuta. Gurutze hau erromatarren kanpamendu militarren kale nagusi bihurtzen zen. Mendebaldeko kulturan hain gurea den jabego pribatuaren logika zorrotza jarraituz, ideiak mehatxupean daude. Ideiak zenbatu, neurtuezinezko izakiak direlako. Arkitektoen hezkuntzan kopiatzea ezinbesteko jarduera da; aurreko maisuen kopiek gure proiektatzeko prozesuen ereduak moldeatuko dituzte. Beaux Arts heziketa oraindik modan zegoen garaian, detaile neoklasikoak zehatz-mehatz ikasten zituzten ikasleek, Erdi Aroko kopista baten pazientziaz marraztuz. Araua ondo ikasi zutenean, askok arau hori apurtzeari ekin zioten sutsuki, eta garaiek exijitzen zituzten berrikuntza formalak eta funtzionalak eransten hasi ziren. Egun kopia horiek arkitektura formalistaren inguruan egiten dira; ikasleek Hadid bat, edo Foster bat, edo Toyo Ito bat marrazten dute, ahaztuta dago arkitektura irudiaren errepresentazioaren erruz.

Gaurko arkitektoek, ustez `iraultzaile’ diren arkitekturak kopiatzen ikasten dute benetako arkitektura, gizartearen isla eta laguntzaile izango dena. Modako aldizkari guztietan agertzen diren mania eta keinuak soinetik kentzen dituztenean, garai bateko detaile neoklasikoak balira bezala, bere kabuz pentsatzen hasten dira. Hortxe agertzen da arkitektura. Baina lerro hauetan behin baino gehiagotan errepikatu dudan bezala, gaurko industriak leku ezezagun bezain zirraragarri batera garamatza. Estudioetan lana inoiz baino handiagoa da teknologia berriei esker. Teknologia hauek kopiak izugarri errazten dituzte, baina `kopiatu’ aditzaren kriminalizazioa gauza berria da, interes ekonomikoen menpekoa.

Copyright-aren kontrako argudio sendo batekin bukatu nahiko nuke… zer gertatuko litzateke erromatarrek kardo eta dekumanoei copyright-a ezarri izan baliete? Ba ziur asko mendebaldeko hirigintzak luzaroan atzerapen handia biziko zuela. Ideiak konpartitzea berezkoa dugu, gure espezie- aren iraupena bermatzen duen faktore bat da. Arkitekturaren eta orokorrean kulturaren garapenak ideien askatasuna eta mugikortasuna behar du. Gauza handiak sortzeko, gauza txikiek beste gauza txikiekin amodioa egitea ezinbestekoa da.

Ibai Gandiaga Perez de Albeniz

jatorriz gaur8.info aldizkarian argitaratutako artikulua. © 2007 Gara egunkaria artikuluaren esteka hemen

Un pensamiento en “Arkitektura kognitalgoa

  1. Un comentario para recordar a nuestro querido Ramón Alustiza que falleció hace unos días…. Ex-director de la escuela de Arquitectura..

Los comentarios están cerrados.